Polenak, sedimentuak eta animalien hondakinak: beste altxor arkeologikoak

Metodo zientifikoaren bilakaerari esker, aurrerapen harrigarriak egin ahal izan dira orain arte ilunak ziren zenbait gertaera eta agertokiri buruz. Urrun gelditu da XIX. mendeko zientzia-aurreko arkeologia hura; karreraren parte handi bat antzinako zibilizazioen monumentu handien eta altxor ezkutuen bila eman zuten lehen arkeologo-esploratzaile haiek; zaharkinen bildumazaletasuna gehiago zirudien arkeologia hura, Europako arkeologia museo nagusietako bilduma zabalak elikatu dituena.

Hastapeneko urrats haietatik gaur egunera, goitik beherako aldaketa gertatu da arkeologiaren esparruan, eta metodo zientifikoa finkatu da ikerketa eta lan iturri gisa. Arkeologoentzat, funtsezkoena ez da pieza bera, baizik eta zer testuingurutan agertu den, non aurkitu duten, zer objektu zituen inguruan eta zer erlazio duen gainerako aurkikuntzekin: “erregistro arkeologikoa” deritzona, aurkikuntza arkeologikoari dagozkion datuak, hari atxikitakoak eta aurkikuntzak erlazionatzeko bidea ematen dutenak; labur esanda, estratigrafia eta haren edukia. Horixe da XIX. mendeko bildumazaletasunaren eta gaur egungo arkeologiaren arteko aldea.

Estratigrafia arkeologikoak elkarren gainkako estratu edo geruzen antolaera eta horien arteko erlazio kronologiko eta sekuentzialak aztertzen ditu. Beste era batera azaltzeko, pentsa dezagun hainbat belaunalditan zehar jendeak zabortegi modura erabili duela gune jakin bat, eta gune hara bota dituela zaborra, traste zaharrak eta hondakin organikoak. Nola jakin noiz bota zituzten zabor jakin batzuk –adibidez, altzari batzuk– zabortegira? Bada, hondakina aurkitutako geruzaren arabera, modu erlatiboan (azpiko geruzak gainekoak baino antzinakoagoak dira); eta altzari motaren eta estiloaren arabera, modu absolutuan. Tipologiak eta teknologiak estratu bakoitzeko tipo edo ereduak eta tresnak aztertzen dituzte. Eta, zorte ona izanez gero eta lurzorua hondakinak kontserbatzeko egokia gertatuz gero, modu naturalean metatutako animalia hezurren aztarnak iker daitezke paleontologiaren bidez. Ggizakiak ehizaren bidez harrapatutako animalien hezur hondakinak, berriz, arkeozoologiak ikertzen ditu.

Begi hutsez ikusten diren hondakinetan oinarrituta, hipotesi asko egin daitezke Historiaurreko komunitate haien bizimoduari buruz, noski. Baina badakizue zenbat informazio eskain dezakeen aztarnategi arkeologiko batean induskatutako lur eskutada batek? Izugarrizko informazio pila! Batik bat, ingurumenari buruzkoa: lur hori metatu zenean zer klima baldintza zeuden (hotza edo beroa, hezea edo lehorra, sedimentologiaren eta geokimikaren bidez); zer-nolako landaretza zegoen (palinologiak ikertzen dituen polen fosilen bidez); zer egur erabiltzen zen sua egiteko edo zer landare erabiltzen zituzten eta bihurtu diren ikatz (antrakologiari eta arkeobotanikari esker); gizakiaren presentzia iraunkorra edo aldian aldikoa zen, edo, Neolitoaz geroztik (nekazaritza eta abeltzaintza sortu zirenez geroztik), abereak ukuiluetan hazten zituzten (mikromorfologiari esker); etab.

Zabaletxen, zehazki, lurzoruaren, polenen eta ikatzen azterketa analitikoak egiten ari dira oraindik (sedimentologia, geokimika eta mikromorfologia). Karbono 14 metodoaren bidez datazio bat egin ahal izan da (28.000 urte ingurukoa), eta analisi gehiago egin beharko dituzte.

Aurrez, prospekzio geofisiko bat ere egin zen (georradar bidez: lurrera bulkada elektromagnetikoak igortzen dira, eta lurraren ezaugarrien eta edukiaren araberako erantzuna jasotzen da), Zabaletxeko dunaren parte handi batean (1.700 metro koadro inguruko hedadura).

Georradar bidezko prospekzioa. 2009ko ekinaldia.

Zundaketa estratigrafikoaren kontrastearen bidez jakin dugunez, georradarrak maila estratigrafikoak bereizi eta identifikatu ditu, baita hainbat gorabehera ere, aurreragoko ekinaldietan ikertuko ditugunak, haien jatorria zein den zehazteko (hau da, giza jardueraren ondoriozkoak diren edo jatorri naturalekoak diren jakiteko).

Argazki hauetan ebaketa estratigrafikoa ikusten da, baita lur laginak nola ateratzen ditugun ere, polena aztertzeko eta sedimentologiako eta mikromorfologiako ikerketak egiteko. Bloke horiek erretxinaz estaltzen dira gero laborategian; eta blokeak moztu eta leunduta, lamina mehe batzuk prestatzen dira, luparekin eta mikroskopioarekin ikertzeko.

Analisirako teknika horiez guztiez gainera, arkeologoak data absolutuak lor ditzake zenbait metodo erabilita, aztarnategi bakoitzari buruz aurreikusitako antzinatasunaren arabera: termoluminiszentzia, paleomagnetismoa, isotopo erradioaktiboen neurketa (karbono 14, uranio serieak, potasioa-argona, etab.). Gai horri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue Bilboko Arkeologi Museora: metodo arkeologikoaren nondik norakoak bitarteko interaktiboen bidez modu erraz eta didaktikoan azalduko dizkizuete han.

Compartir en Facebook

Ondare arkeologikoan argitaratu. Gorde esteka iraunkorra..

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>