Aurkezpena

Bilbotik Barrikara iristean, harridura sortzen du hango lasaitasunak. Begiak itxi eta eguneroko kezkak uxatzeko gai bazara, aise irudikatu ahal izango duzu duela zenbait mila urteko gizon-emakume talde batzuk labarretan silex bila ibiltzen zireneko parajea.

Un parapeto protege del sol y del viento a los arqueologos en la duna de zabaletxe en barrika dentro de sus trabajos de prospección.

Zergatik? Hiri handi batetik hurbileko toki gutxitan entzun, ikusi eta sentitu ahal izango baituzu hemen bezala Ama Lur bizia. Eta lur horretan bertan ibili ziren aspaldiko gizon-emakumeen komunitate haiek ere; batzuk, silexa landu, eta beste norabait aldatzen ziren, eta beste batzuek, berriz, kokaleku iraunkorrak osatu zituzten. Zure etxetik hurbil, horietako batzuk! Izan ere, zuetako askok jakingo duzuenez, aztarnategi arkelogikoz beterik dago gure udalerria.

Edonola ere, azken urteetan, ikusmin handia sortu izan dute arkeologoek Meñakotz-Zabaletxe inguruan (Kurtzioko gune arkeologikoan) Kuaternarioko hareatzeetan egindako lanek. Zuetako batzuei, ez zenutelako haien esku-hartzearen zergatiaren berri; beste batzuei, hirigintza ekimen handiren bat estaliko ote zuen errezeloa zenutelako; eta beste batzuei, azkenik, toki horiek ondarearen eta historiaren ikuspegitik zer-nolako balioa duten ez zenekitelako.

Oro har, nabarmena da duna hauek estaltzen duten milaka urteko historiari buruzko ezjakintasuna, normala denez. Datuak egiaztatuz gero, orain dela 100.000 urtez geroztiko historia dute (neanderthalen garaiaz geroztikoa), eta, hala balitz, Bizkaian ezagutzen den kokalekurik antzinakoena litzateke.

Baina, ondo dakigunez, benetan axola duena ez da zerbaitetan beste guztien gainetik nabarmentzea; hori baino interesgarriagoa da aztarnategia hobekien ezagutzen duten arkeologoen eskutik ezagutzea Barrikan eta inguruetan silexezko azaleratze bat aurkitu zuten komunitateak, eta azaleratze horri esker inguru hartan landu zituzten tresna preziatuak: labanak, geziak, arraspak, etab.

Eta horixe da, hain zuzen, blog honen funtsa, izateko arrazoia: Barrikako gune arkeologikoa ezagutzera ematea eta sutatzea. Blog bat, proiektuaren arduradunen (zientzialari, erakunde, gizarte eragileen) eta hurbiltasunagatik edo gaiarekiko duzuen interesagatik gehiago jakin nahi duzuen horien arteko komunikazio tresna gisa erabiliko dena. Tresna bat, aldi berean aukera emango dizuena edukien ekoizpenenean parte hartzeko, zuen iruzkinen, argazkien, behaketen, esperientzien eta lekukotasunen bidez.

Programa hau, azken batean, Barrikako Udalak bere arkeologia ondarea kontserbatzeko eta hari  balioa emateko egiten duen apustuaren emaitza da. Udalaren iritzian, aztarnategiaren garrantziak berez justifikatzen du ikerketa programa bat, dagoeneko abian dena; baina, aldi berean, zabalkunde programa bat ere garatu nahi dugu, gizarteratzea eta herritarrak sentsibilizatzeko. Horregatik guztiagatik, bideragarritasun plan bat idazten hasi gara, Barrikako baliabide natural, kultural eta artistikoak nabarmentzeko, produktu turistiko gisa. Ildo horretatik, bloga eta dinamizazio jarduerak lagungarriak izango dira ondarearen balioaz eta baliabide turistiko kultural gisa duen ahalmen potentzialaz ohartarazteko.

Juan José Ezpeleta

Alcalde de Barrika

Iruzkinak itxita daude.